XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badakizu Flora edozertan laguntzeko prest gaituzula laugarren nota hots metaliko batekin pauso erren bat bezala arrastratzen zuen karilonaren musika aidean zegoela esan zuten, eta sudurrak zimurtuz aidean bilatzen zuten oraindik erresonantzia metalikoa, beren behatz inguantatuekin abrigo beltzen mangak altxatuz urrezko erlojuetan ordua konsultatu ondoren, Berandu da, zerbait nahi baduzu Flora esan zutenean, ate ondoan ere aitari bizkarrak erakutsiz badakizu nun gauden edozertan laguntzeko prest insistituz, beren egiazko irripar maltzurra izkutatzen ez zuen irripar triste bat entseiatu zutenean.

Erresonantzia metaliko horrek lagundu zuen nire amaren ihardun guztia bere hitzak mailukatuz bezala, mailukatu nahiz bezala, haren sabel heze biguin epel errepelentearen barnean preso gertatzen nintzen bitartean.

Sabel hori biguin epel eta hezearen kontra bere biguintasun epeltasun eta hezetasun errepelenteak sentituz, eskuak zain urdinez jositako bular horistatuen leuntasun koipetsuan irriztatuz, xilbor korapiloak hersten duen, eta itzal beltz horretan galtzen den masa biguin horren misterio iheskorraz jabetu nahirik, itsas haserrearen burrunbadak, mendebalaren xistu zorrotzarekin nahasturik apenas estaltzen duten maldizio betikoa isilarazi nahiean.

Aita bezala hi ere. Oihal haizetuek ezin izkutatu duten haragi heze epel eta biguinaren lotsa ta beldurraren aurrean, bide batez higuin eta liluratua.

Baina galtzairuz harmatutako eskua firmeki mugitzen da, (...).